XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Auzi epaimahaikideei ez zaie euskara onartzen

Iñigo Santxo, Gorka Galdeano eta Alfonso Sanz atzo eskeinitako prentsaurrekoan.

Santurtziar batek ezin izan du euskara erabili erreklamatzeko.

Euskal Herrian Euskarazek desobedientziara deitu du.

Dozena erdi bat salaketa aurkeztu da.

Auzi epamahairen Lege Organikoak euskaldunen hizkuntz eskubidea zapaldu egiten du; euskaldun batek epaimahai batean parte hartuz gero eta bere eskubideei eusten badie, zigorra izango du.

Hau da juratua izateko jakinarazpena hartu zuen Gorka Galdeano santurtziarrari gertatu zaiona.

Epaimahaikide gisa parte ez hartzeko erreklamazioa egiterakoan, eskakizuna euskaraz exijitzeagatik legeak markatzen duen epetik kanpo gelditu da, eta horregatik zigortu nahi dute.

Euskal Herrian Euskaraz (EHE) erakundeak desobedientziara deitu die euskaldunei.

BILBO

Kepa PETRALANDA

Gaztelera hutsez idatzitako jakinarazpen bat hartu zuen Gorka Galdeanok 1995eko urriaren 20an eta, hizkuntzari buruz egungo legedia betetzen ez zuela ikusirik, egoera zuzendu nahi izan zuen.

Idazkiak euskaraz hartzeko eskubidea aldarrikatuz, Barakaldo eta Bilboko auzitegietan hamaika buelta eman ondoren, azkenik epea bukatu egin zaio eta ez du erreklamazioa aurkeztu ahal izan.

Gadeanorena ez da kasu bakarra, sei erreklamazio kontatzen baitira dagoenekoz, eta EHEk euskaltzale eta euskaldun guztiei deia zabaldu die gurekin harremanetan jartzeko, honela babesa izango baitute Justizi Administrazioaren aurrean.

EHEren izenean Auzi-epaimahaiaren Legearen aurrean desobedienteak izan beharra dago espainola jakitera beharturik gaudelako, esan zuen Alfonso Sanzek atzo Bilbon.

EHEren ustez lege honek lurraldetasuna ukatzen digu eta hizkuntz politika ere, eta euskaldunok ezin dugu gure borrero eta Justizi Administrazioarekin kolaboratu.

Konstituzioaren kontra

Hori da hain zuzen ere EHEk planteatutako kanpainaren lemak salatzen duena, "Euskaldunontzat ez dago justiziarik alegia, eta gogor kritikatzen du erakunde honek zenbait euskal alderdiren jarrera, Madrilen lege hau onartu dutelako.

Auzi-epaimahaiaren Legeak dituen 41. eta 61. artikuluak guztiz Konstituzioaren kontrakoak dira, esan zuen Iñigo Santxo abokatuak eta, era berean, lege organiko berri hau Euskararen Legearen eta Europako Hizkuntz Legeen kontra ere kokatzen dela.

Aipaturiko 41. artikuluan sí juro edo sí prometo formula bakarrak aipatzen dira epaimahaikoak magistratuaren aurrean esateko eta, horren arabera, legeak ez du zin dagit edo prometitzen dut formulak erabiltzen uzten.

Aipaturiko gaztelaniazko horiek ez badira erabiltzen, hau da, sí juro edo sí prometo direlakoak, 50.000 pezetako isuna jarriko zaie auziepaileei eta, hala ere, juratu batek ez badu onartzen, ordezkoari deituko dio magistratuak.

Santxo abokatuaren ustetan, puntu honek koakzioa egiteaz gain, estorsioa aurrikusten du, hau da, euskaldunei estorsio ekonomikoa.

Bestalde, 61. artikuluaren 4. puntuan akta idazteko araudia azaltzen da, eta Iñigo Santxok esan zuenez, Auzi-epaimahaiaren legeak markatzen duen juratuen botazioa bukatu ondoren, akta idatzi behar da, eta ezin da dokumentu hau euskaraz erredaktatu. Era berean, ezinezkoa da kasu honetan itzultzailerik erabiltzea.

Zorrillari kritika

Legearen 12.7 artikulua erabiliz, hots, auzi-epaimahaia ez izateko pisuzko zergati bat aipatzerik badagoela dioena, Gorka Galdeanori ezar dakiokeen isunaren aurka planteatuko dute erreklamazioa, euskalduna izateagatik eta euskaldun bezala bere hizkuntza erabili izan nahi duelako pasatu delako epea.

Iñigo Santxok, azkenik, Euskal Herriko auzitegietan euskarak eta euskaldunek jasaten duten diskriminazioa ikusirik, Euskadiko Auzitegi Goreneko presidente berria den Manuel Zorrillak esandakoa gogor kritikatu zuen, euskalduna izatea merito bezala hartzen dela Justizi Administrazioan, alegia.